|
KWIN-EK
NAHI DUZUNA TOPATUKO DIZU ZURE PC-AN Kwin izena du Adur Software Production (ASP) enpresak ekoiztu du. Erabiltzailearen ordenagailuan dauden Microsoft Word, QuarkXPress, Macromedia Director eta Adobe Acrobat-eko fitxategiak modu erraz eta azkarrean bilatuko ditu eta abantaila anitz eskainiko digu. Nork ez du behin ere bere ordenagailua berrantolatu behar izan dokumenturen bat bilatzen hasi denean? Denboraren poderioz lan guztiak metatzen ditugun karpeta horiek nahasten joaten dira eta egun batean dokumentu jakin bat bilatzeko gai ez garela konturatzen gara. Kwin horrelako arazoak konpontzera dator. Hitz erroetan oinarritutako bilaketa sistema baten bidez, gure ordenagailuan (PCa izan behar du) nahasmena nagusi izanda ere, gure lanak azkar eta erraz aurkitzeko gai izango gara hemendik aurrera. Adur Software Productions (ASP) enpresaren jarduera nagusia enpresen gestiorako softwarea sortzea baldin bada ere, hizkuntz ingenieritza arloa lantzen duen lan talde bat ere badu. Alor horretan eginiko ikerketa eta esfortzuen ondorioa izan da Kwin. ASP-ren ardura nagusienetako bat betidanik euskaraz bilaketak ahalik eta modurik errazenean prestatzea izan da, gure hizkuntzak dituen ezaugarri bereziak errespetatuz. Euskara atzizkiez osatua dago; gaztelerak, ingelesak edo frantsesak ez duten berezitasun bat, alegia. Hori kontuan izan dute Kwin-en sortzaileek. Horrela, bilaketak euskaraz era lematizatuan (erroetan oinarrituta) egiteko prestatu dute produktu hau, sistemak itzultzen dizkigun dokumentuen artean zaborrik sortu ez dadin eta guk aurkitu nahi genuena erraz eta azkar topa dezagun. Kwin-ek funtsezko lau ezaugarri ditu: bata, arestian aipaturiko bilaketa lematizatuei dagokiona; bestea, indexatua izatea (bilaketa mota hori sekuentzialaren aldean azkarragoa da); hirugarrena, dokumentuetan nabigatzea ahalbidetzen duela eta laugarrena, guk nahi bezainbeste bilaketa multzo osa ditzakegula. Joxerra Aizpurua ASP-ko ordezkariak adierazi duenez, merkatura ezaugarri hauek guztiak dituenik ez da kaleratu oraingoz. Nahiz eta produktu hau sortzerako orduan ASP-koek euskara abiapuntutzat hartu, Kwin-ek beste hizkuntzetan bilaketak egiteko ere balio du. Horretarako nahikoa da aurkitu nahi dugun hitza gehi asteriskoa edo galdera ikurra bezalako karaktere bereziak jartzea. Kwin-en erabiltzaile bagara gauza bakarra izan behar dugu kontuan, dokumentu bat gordetzean indexatu egin behar dela, besterik ez. Momentuz, dokumentu bat ezabatuz gero, Kwin-ek erabiltzen duen datu-basean ez da desagertzen, baina Joxerra Aizpuruak dio hori hurrengo bertsioetan aldatzeko asmoa dutela: Gure asmoa da, hurrengo bertsioetan beste hizkuntzetan ere (gaztelania, ingelesa eta frantsesa) bilaketa lematizatua egin ahal izatea eta sistema osoa berrindexizatzeko aukera egotea. Oraingoz, Word-erako bilatzailea bakarrik eskura daiteke. Baina urte honetan bertan gainontzekoak ere atera nahi dituzte (QuarkXPress-erako, Macromedia Director-erako eta Adobe Acrobat-erako). Word-erako Kwin www.kapsula.com helbidetik jaitsi daiteke doan eta gainontzekoak salgai jarriko dira. Jaitsiera astuna dela ohartarazi behar da (7 Megabyte), bilatzaileak hiztegi oso bat baitu barnean. Baina behin gure disko gogorrean dugunean instalatzea oso erraza da. Berak egiten du guztia. Baina zertarako behar dugu Kwin, Word-ek eta Windows-ek beren bilatzaileak badituzte? Alde batetik, Kwin-en guk nahi ditugun multzoak edo datu-baseak osa ditzakegu eta ez dugu zertan bilaketak unitate edo karpeta konkretuetan egin behar. Bestalde, Windows-en bilatzaileak ez du indexatzen, Kwin-ek bai. Azkenik, Word-eko bilatzailearekin dokumentu bakar baten barnean begiratzen dugu eta bilaketa sekuentziala da. Aldiz, Kwin-ek sailkatuak ditugun dokumentu guztietan begiratu eta bilaketa lematizatua eta indexatua egiten du. Aukerak beraz, anitzak dira. HIZKUNTZA KAPSULA BATEAN Adur Software
Productions (ASP) enpresa urtetan zehar euskara eta informatika batzen
saiatu da, hau da euskararen ingenieritza landu du eta horren
inguruan hainbat ikerketa egin du. Duela urte batzuk ikerketa horien ondorioz
sortutako produktuak merkaturatzen hasi zen. Erabaki hori hainbat gogoeten
ondorioa izan zen eta horiek ongi laburbiltzen ditu Joxerra Aizpurua ASP-ko
ordezkariak: Bazetozen teknologia berriak, bazetorren internet eta
hainbat sare, hainbat sistema informatiko, guk euskara maila horretara
eraman behar genuen. Baina ez bakarrik euskararen mesederako. Euskara
da gure abiapuntua, gure motorra, baina hor garatzen dugun teknologiak
beste hizkuntza batzuetarako ere balio beharko luke. Azken finean, gizarte
eleanitz batean gaude eta ohituak gaude euskararen kasuan beste hizkuntzetako
teknologietatik xurgatzera. Zergatik ez euskaratik abiatu?. Gauzak
horrela, ASP-n Ikerketa eta Garapen (I+G) talde bat osatu zuten eta Eusko
Jaurlaritzak homologatu egin zien. Horrek abantaila ugari ekarri dizkie,
alde batetik administrazioaren aldetik nolabaiteko onarpena eta bestalde
hainbat dirulaguntza. Ez dago jende asko ikerketa onarpenik duenik
Euskal Herrian eta gutxiago euskarari dagokionez, dio Joxerra Aizpuruak.
KWIN
abian jartzeko Kwin eskuratzeko
eta ondoren bilaketak egiteko, hona hemen pausoz-pauso egin behar dena:
|